martes, 12 de enero de 2016

Astrologia

Astrologiaz mintzatzeko John Allen Paulosen Zenbakirik gabe bizi liburua (Zio, Zientzia irakurle ororentzat, 2006an) erabiltzen ahal duzue. Hona zenbait esaldi lagungarriak gertatzen ahal zaizkizuenak zuen idazlanak egiteko.

Ni gaixo hau eta izarrak
 Astrologia, bereziki, oso-oso zabaldurik dagoen sasizientzia da. Liburu-dendetako apalak bete-beterik daude gai horri buruzko liburuz, eta ia egunkari guztiek argitaratzen dute egunero beren horoskopoa. 1986an Gallupen inkesta batek erakutsi zuenez, Estatu Batuetako nerabeen ehuneko 52k sinisten zuen hartan, eta badirudi era guztietako jende kopuru kezkagarri batek onartzen dituela astrologiaren pretensioak, hain antzinatik datozenak. "Kezkagarri" diot, zeren, jendeak astrologoei eta astrologiari sinesten badie, beldurtzekoa baita beste nori beste zer ez ote dion sinetsiko. Eta are kezkagarriagoa da hori, noski, sineste horietan oinarriturik jokatzeko ikaragarrizko boterea dutenen kasuan: Reagan lehendakariarenean, esate baterako.
Astrologiak dio planetek baten jaiotzako unean duten grabitazio-erakarmenak eragina duela batek izango duen nortasunean. Hori ez da batere erraza irensten, bi arrazoirengatik: a) ez da inoiz esan, eta are gutxiago azalpenik eman, zein mekanismo fisiko edo neurofisiologikoren bidez ( edo bestelakoz) jokatzen duen, astrologoen ustez, grabitazio-erakarpen horrek; eta b) erditzean laguntzen duen obstetrizialariaren grabitazio-erakarpena asko ere handiagoa da parte hartzen duen edo duten planetena baino. Gogoratu objetu batek gorputz batean -haur jaioberri batengan, esate baterako- eragiten duen grabitazio-indarra, objektu horren masaren proportzionala dela, baina objektu horretatik gorputzera -kasu honetan, haurrarengana- den distantziaren karratuaren alderantziz proportzionala. Jaiotzean laguntzaile obstetrizialari gizen batek lagundutako haurrek nortasun ezaugarri bereziak dituztela esan nahi ote du horrek, eta bestelako ezaugarriak dituztela obstetrizialaria argala zelarik jaiotakoek?



Astrologiako teoriaren akats horiek ez daude hain agerian matematikan ezjakin direnentzat, ez baitira hasiko, segur aski, mekanismoak aztertzen, eta gutxitan izaten baitute interesik magnitudeak alderatzeko. Baina oinarri teoriko ulergarririk ez izanik ere, astrologiak errespetua mereziko luke funtzionatuko balitz. Ez da deus, ordea; ez dago inolako korrelaziorik baten jaiotza-daten eta inolako nortasun-testetako emaitzen artean.
Egin izan dira esperimentuak (aspaldi ez dela egin ditu Kaliforniako unibertsitateko Shawn Carlsonek) zenbait astrologori hiru nortasun-profil emanez, horietariko bat bezeroarena zelarik. Bere bizitzarekin zerikusia zuten datu astrologiko guztiak ematen zizkien bezeroak (galde sorta baten bidez, ez aurrez aurre),eta haren nortasun-profila zehazteko eskatzen zitzaion astrologoari. 116 bezero ziren guztira, eta, beren kideen iritzian, Europako eta Amerikako onentxoenak ziren hogeita hamar astrologoei aurkeztu zitzaizkien. Emaitza: hirutik behin asmatu zuten zuzen astrologoek bezeroaren nortasuna;emaitza berberak irtengo lirateke zoriz.
(...)
Zergatik sinestu du, bada, astrologian hainbeste jendek?Begien bistako arrazoietariko bat hau izaten da: nahi duenba irakurtzen duela jendeak ia beti astrologoen iragarpen lausoetan, eta iragarpen horietan berez ez dagoen egiazkotasun bat aitortzen diela zerbait aurkitzen duenean. Segur aski, hobeto gogoratuko dituzte egiazko "iragarpenak", gehiegizko balioa emango diete kointzidentziei, eta gainerako guztia ahaztu. Badira beste arrazoi batzuk ere; astrologiaren antzinatasuna (hilketa errituala eta giza sakrifizioak ere hura bezain antzinakoak dira, jakina), printzipioz duen sinpletasuna eta praktikan duen konplexutasun kontsolagarria, eta, hain losintxagarri baitzaigu, halako lotura egitea zeruaren zabaltasun izarrez betearen eta hil honetan maitemintzeko gorabeheraren artean.
Beste arrazoi bat, azkena, hau izan daiteke, nire iritzian: banakako saioetan astrologoek badakitela, bezeroen aurpegiaren adierazpenetik, keinuetatik, gorputzaren aieruetatik, hain izaerari buruzko zenbait datu ateratzen.
John Allen Paulos. Zenbakirik gabe bizi. 2006.an. Zio argitaletxea.



No hay comentarios:

Publicar un comentario