martes, 25 de octubre de 2016

Nafarroa Oinez.2008/09

Egon al zara inoiz Nafarroa Oinezen? Gustatzen al zaizkizu festa mota hauek? Konta ezazu ea egon zaren gisa honetako festetan, edo antzekoetan, zer egin duzun eta zer den gauzarik interesgarriena eta deigarriena.



martes, 11 de octubre de 2016

Sineskeriak eta ohiturak.2008/09.

Euskal tradizioan, baziren sineskeria anitz. Esaterako, testuan dioen bezala, asteazkenean eta ostiralean jaiotzen ziren haurrak zorigaiztokoak izango ziren bizitza osorako. Zertan sinisten duzu zuk? Segitzen dituzu horrelako siniskeriak edo ohiturak Urte Zahar egunean edo Donibane egunean? Zein motatako siniskeriak dituzu? Zer iritzi duzu telebistako aztien gainean? Eta horoskopoari buruz, zer uste duzu? Badakizu zer den Kubako santerismoa?

20 lerroko idazlan bat egin behar duzu, sineskeriei buruzkoa.

miércoles, 28 de septiembre de 2016

2008/2009. A eredua. A aukera. Zentsura

 "Zentsura hitza entzuten dugunean ideia bat datorkigu burura: zenbait herrialdetan gobernuak ez dio jendeari bere iritziak adierazten uzten eta, horretaz gain komunikabideetan informazioa manipulatu egiten da, errealitatea desitxuraturik aurkeztuz."
" Honelako jarrerak ikusirik, oso erraza da edonolako zentsura txarra dela pentsatzea. Argi dago, ordea, zenbait kasutan kontrola beharrezkoa dela eta, aldi berean, ukaezina da zentsuratzaileek gizartean kontrolpean egon behar dutela, eta ez alderantziz".

20  lerroko idazlan bat idatzi behar duzu zentsurari buruz. Uste duzu zentsura justifika daitekeela? Noiz? Non? Zertarako? Zergatik da hain zaila erabaki bat hartzea umeentzako programetan agertzen diren biolentzia eszenei buruz?

martes, 26 de enero de 2016

BERDINTASUNA

Berdintasuna ez da inorentzat kaltegarri

Bi generoen arteko berdintasuna aldarrikatzen duen feminismoaz aritu zen Emma Watson aktorea duela gutxi eskainitako hitzaldian. Natale Irastorzak kontatuko digu gehiago.


Agian, zuetako batzuk ikusiko zenuten Emma Watsonek, duela ez asko, NBEn (Nazio Batuen Erakundean) eman zuen mintzaldia. Batzuei izena arrotza egingo zaizuen arren, ziur nago denek ezagutzen duzuela Harry Potter saga famatuaren protagonistetako bat den Hermione Granger. Bada, hau Borondate Oneko Nazio Batuetako enbaxadore izendatu zuten duela sei bat hilabete, eta, aipatutako egunean, bai bertako gainerako enbaxadoreak eta baita ia mundu osoa ere liluratuta utzi zuen hitzaldia egin zuen. Zein zen gaia? Feminismoa. Baina ez gaur horren zabaldua dagoen gizonen aurkako feminismoa, eta ezta emakumeek bakarrik defendatzen dutena ere; bi generoen arteko berdintasuna aldarrikatzen duena baizik. Eta hori da, hain zuzen, idatzi honen nahia, feminismoari buruzko ikuspuntu desberdin bat ikusaraztea.

Emma Watson aktorea

Ezer esan aurretik, kontuan hartu behar da gaur  egun dugun egoera. Unicef erakundearen arabera, adinez txikikoak izanda, ezkontzera -gehienetan haien adina hirukoizten edota laukoizten duten gizonekin- behartu dituzten 700 milioi emakume bizi dira gaur egun. Are gehiago,  gaur egun hiru emakumetatik bat hamabost urte baino lehenago ezkontzera behartua izan da (250 milioi bat ume). Eta, noski, ez dira ahaztu behar haurdunaldien ondorioz gertatutako heriotzak. Egoera hau bidegabekoa eta penagarria den arren, ez dugu muturretako kasuetara jo behar bi sexuen arteko bereizketa nabaritzeko.

Too Young to Wed (Irudia: National Geographic)
“Garatutzat” ditugun lurraldeetan ere badaude diskriminazioak.  Urruti joan gabe, Espainian bertan egunero 3,6 salaketa jartzen dira emakume batek lanorduan diskriminazioren bat jaso duelako, bai soldatagatik, bai sexu-jazarpenagatik, bai amatasunagatik eta baita beste hainbat arrazoirengatik ere. Zentzuzkoa iruditzen zait, beraz, egoera bidegabeko hau eta baita mundu osoan zehar gertatzen diren antzeko egoerak salatzea, amaiera ematen saiatu eta berdintasuna defendatzea.
Sarean feminismoa aldarrikatzen duten blog batzuetan ibili eta gero, konturatu nintzen badagoela esaten duenik feminismoa emakumeei dagokigun arloa dela eta emaztekienganako gutxiespen eta diskriminazioari amaiera emateaz eta gizonezkoek duten adinako botere eta eskubideak lortzeaz emakumeok arduratu beharko ginatekeela, beste sexuari parte hartzen ez utziz. Baina NBEko Borondate oneko enbaxadore den 24 urteko gazteak ederto azaldu zuen bezala, definizioz feminismoak zera esan nahi du: emakumearen eta gizonaren eskubide berdintasuna aldezten duen dotrina. Beraz, ba al du inongo zentzurik mugimendu honetan parte hartu nahi duten gizonak aldentzeak? Hau da, nola da posible feminismoa mundu osoan zabaltzea eta ideia hau biztanle guztiek partekatzea, mezua gaur egun bizi garen pertsonen erdiarentzat zuzenduta badoa eta erdi honek bakarrik parte hartzen badu?
Gainera, sexuen arteko bereizketaz hitz egiten dugunean emakumeongan soilik eragiten duela pentsatzen dugu, bereizketa honek mutil eta gizon askorengan ondorioak badituela ahaztuz. Gizonezkoak espektatiba batzuk betetzera behartuta daude nolabait. Hau da, gizon bat ausarta izatea espero da, inoiz negar ez egitea, sentimendurik ez azaltzea,  indartsua izatea, kirola eta indarkeria gustatzea… Emakume bat, aldiz, jatorra eta sentibera izatea, amatasuna gustatu eta haurrak eduki nahi izatea, itxuragatik arduratzea, etab.
Beraz, bi generoen arteko bereizketa honek bai gizonezkoei eta baita emakumezkooi eragiten digunez gero, zergatik ez borrokatu biok batera berdintasuna lortzearren? Hor dago koska; mugimendu honek defendatzen duen bi sexuen arteko berdintasuna lortzeko gakoa: batasuna. Bai gizonek eta baita emakumeek ere, irizkidetasunean diskriminazio eta bereizketaren kontra borrokatzea. Artean ditugun desberdintasunak alde batera utzi eta helburu berdinaren alde egitea.
 IKASBIL.

Aurreko idazlana oinarritzat hartuta, eman ezazu zure iritzia.

Nafarroako hezkuntza-eredu bat proposatu.

Badirudi oraingo Nafarroako politikagintzan pisu handiko gaiak kontuan hartzen hasi garela. Hezkuntza-sistema, esate baterako. Egin ezazu zure ibilbide akademikoaren gainbegirada, eta egin ezazu proposamen bat geroari begira.

lunes, 18 de enero de 2016

Gaueko lana

Barberena jaunaren eskarmentuak irakurri berri ditugu, eta garai hartako esperientziak gurera ekarri behar dituzu. Bizimodua ateratzeko beste aukerarik ez dagoenean, bidezkoa al da legea ez betetzea? Zein izango lirateke gainditu behar ez genituzkeen mugak?

ERREGE BELTZA

Iruñeko Errege Magoen Kabalgatan beti izaten zen errege tindatu bat, errege beltzaren lekuan. Udaletxeak esan die ohitura hori aldatzeko. Ados al zaude ? Zer iritzi duzu?

JUEBINTXOA

 
Alde Zaharreko auzokideen bizimoduak okerrera jo du, tabernak nonahi zabaldu direnez geroztik. Lo egiteko lanak dituzte. Parrandazaleen zalaparta isildu eta garbitzaileena hasten da. Zikinkeria nagusi. Zer iritzi duzu horri buruz?

martes, 12 de enero de 2016

Astrologia

Astrologiaz mintzatzeko John Allen Paulosen Zenbakirik gabe bizi liburua (Zio, Zientzia irakurle ororentzat, 2006an) erabiltzen ahal duzue. Hona zenbait esaldi lagungarriak gertatzen ahal zaizkizuenak zuen idazlanak egiteko.

Ni gaixo hau eta izarrak
 Astrologia, bereziki, oso-oso zabaldurik dagoen sasizientzia da. Liburu-dendetako apalak bete-beterik daude gai horri buruzko liburuz, eta ia egunkari guztiek argitaratzen dute egunero beren horoskopoa. 1986an Gallupen inkesta batek erakutsi zuenez, Estatu Batuetako nerabeen ehuneko 52k sinisten zuen hartan, eta badirudi era guztietako jende kopuru kezkagarri batek onartzen dituela astrologiaren pretensioak, hain antzinatik datozenak. "Kezkagarri" diot, zeren, jendeak astrologoei eta astrologiari sinesten badie, beldurtzekoa baita beste nori beste zer ez ote dion sinetsiko. Eta are kezkagarriagoa da hori, noski, sineste horietan oinarriturik jokatzeko ikaragarrizko boterea dutenen kasuan: Reagan lehendakariarenean, esate baterako.
Astrologiak dio planetek baten jaiotzako unean duten grabitazio-erakarmenak eragina duela batek izango duen nortasunean. Hori ez da batere erraza irensten, bi arrazoirengatik: a) ez da inoiz esan, eta are gutxiago azalpenik eman, zein mekanismo fisiko edo neurofisiologikoren bidez ( edo bestelakoz) jokatzen duen, astrologoen ustez, grabitazio-erakarpen horrek; eta b) erditzean laguntzen duen obstetrizialariaren grabitazio-erakarpena asko ere handiagoa da parte hartzen duen edo duten planetena baino. Gogoratu objetu batek gorputz batean -haur jaioberri batengan, esate baterako- eragiten duen grabitazio-indarra, objektu horren masaren proportzionala dela, baina objektu horretatik gorputzera -kasu honetan, haurrarengana- den distantziaren karratuaren alderantziz proportzionala. Jaiotzean laguntzaile obstetrizialari gizen batek lagundutako haurrek nortasun ezaugarri bereziak dituztela esan nahi ote du horrek, eta bestelako ezaugarriak dituztela obstetrizialaria argala zelarik jaiotakoek?



Astrologiako teoriaren akats horiek ez daude hain agerian matematikan ezjakin direnentzat, ez baitira hasiko, segur aski, mekanismoak aztertzen, eta gutxitan izaten baitute interesik magnitudeak alderatzeko. Baina oinarri teoriko ulergarririk ez izanik ere, astrologiak errespetua mereziko luke funtzionatuko balitz. Ez da deus, ordea; ez dago inolako korrelaziorik baten jaiotza-daten eta inolako nortasun-testetako emaitzen artean.
Egin izan dira esperimentuak (aspaldi ez dela egin ditu Kaliforniako unibertsitateko Shawn Carlsonek) zenbait astrologori hiru nortasun-profil emanez, horietariko bat bezeroarena zelarik. Bere bizitzarekin zerikusia zuten datu astrologiko guztiak ematen zizkien bezeroak (galde sorta baten bidez, ez aurrez aurre),eta haren nortasun-profila zehazteko eskatzen zitzaion astrologoari. 116 bezero ziren guztira, eta, beren kideen iritzian, Europako eta Amerikako onentxoenak ziren hogeita hamar astrologoei aurkeztu zitzaizkien. Emaitza: hirutik behin asmatu zuten zuzen astrologoek bezeroaren nortasuna;emaitza berberak irtengo lirateke zoriz.
(...)
Zergatik sinestu du, bada, astrologian hainbeste jendek?Begien bistako arrazoietariko bat hau izaten da: nahi duenba irakurtzen duela jendeak ia beti astrologoen iragarpen lausoetan, eta iragarpen horietan berez ez dagoen egiazkotasun bat aitortzen diela zerbait aurkitzen duenean. Segur aski, hobeto gogoratuko dituzte egiazko "iragarpenak", gehiegizko balioa emango diete kointzidentziei, eta gainerako guztia ahaztu. Badira beste arrazoi batzuk ere; astrologiaren antzinatasuna (hilketa errituala eta giza sakrifizioak ere hura bezain antzinakoak dira, jakina), printzipioz duen sinpletasuna eta praktikan duen konplexutasun kontsolagarria, eta, hain losintxagarri baitzaigu, halako lotura egitea zeruaren zabaltasun izarrez betearen eta hil honetan maitemintzeko gorabeheraren artean.
Beste arrazoi bat, azkena, hau izan daiteke, nire iritzian: banakako saioetan astrologoek badakitela, bezeroen aurpegiaren adierazpenetik, keinuetatik, gorputzaren aieruetatik, hain izaerari buruzko zenbait datu ateratzen.
John Allen Paulos. Zenbakirik gabe bizi. 2006.an. Zio argitaletxea.



Eskola ondoko trapitxeo

Gazte batzuk zuen eskolako ingurura hurbiltzen dira arratsaldero. Hasiera-hasieratik konturatu zineten zertara etortzen diren, baina frogarik gabe ezin duzue deus egin. Egia da inor ez dutela behartzen haiekin trapitxeatzera, baina egoera zure ustez kezkatzeko modukoa da. Auzoko aldizkarian zure iritzia idaztea erabaki duzu. Bertan azaldu nahi duzu:  Nola baloratzen duzun sortu den egoera.  Nola eragiten duen talde horrek eskolako elkarbizitzan.  Zein den, zure iritziz, kasu horrek eskatzen duen konponbidea.